jueves, 10 de enero de 2008

Albisteak


18 segundoro emakume batek tratu txarrak jasaten ditu

2006/11/25

Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko Nazioarteko Eguna da gaur. Euskal Herrian, egunero 15 emakumek salatzen dute sexu indarkeria, baina, hala ere, 10etik batek edo hiruk baino ez dute egiten urrats hori.

Espainiako Estatuan bi milioi emakumek tratu txarrak jasaten dituzte, Europan mila emakume hiltzen dira urtero euren bikotekideen esku, eta Euskal Herrian egunero 15 emakumek salatzen dute sexu indarkeria.

Datu adierazgarriak, berdintasunaren aldeko lanak aurrera jarraitu behar duelako erakusle.

Hori salatzeko, hain zuzen ere, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko Nazioarteko Eguna da gaur, eta hainbat elkartek kalera irteteko deia egin diete herritarrei. Mundu osoan zehar egingo dituzten kale-agerraldien eta elkarretaratzeen mezua, garbia: Erasotzailea baztertu eta bakartu beharra dago.

Euskal Herriko hiriburu guztietan eta herri askotan ere izango dira ekitaldiak. Lizarran, esaterako, elizek kanpai-hots bana joko dute hildako emakume bakoitzeko. Donostiako Kursaala zuriz argiztatuko dute.

Aurten sexu indarkeriaren aurkako legea onartu badute ere, hildako emakumeen kopuruak gora egin du (61 honezkero Espainiako Estatuan).

Emakundek zehaztu duenez, tratu txarrak jasaten dituzten 10 emakumetik batek edo hiruk baino ez dute salatzen. Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Barakaldo dira, hurrenez hurren, salaketa gehien dituzten hiriak.

NBEren arabera, gainera, munduko emakume guztien %25 bortxaketa baten biktima dira inoiz. 18 segundoro emakume bat jotzen dute, eta 120 milioi emakumeri sexu-organoak moztu dizkiete.

Arazoa konpontzeko bide luzea dago oraindik egiteke. Hala ere, hainbat elkarte feministaren ustez, hezkuntzaren arloan orain arte egindako lana emaitzak ematen hasi da.






Zezenketen kontra

EAE-ko arartekoari eskaerak. Animaliak babesteko legea aldatu behar dela adierazi dio PACMA alderdiak Arartekoari, zezenketak eta gisako ikuskizunak debekatu ahal izateko

EDURNE ELIZONDO - IRUÑEA

Animalien kontrako tratu txarrak salatzen dituzten gero eta talde gehiago daude Euskal Herrian. Talde horietako batek, PACMAk, Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko Iñigo Lamarkarekin bilera egin du berriki, bere iritzien eta proposamenen berri emateko.

Alderdi politikoa da PACMA; animalien kontrako tratu txarren eta zezenketen aurkako alderdia, hain zuzen ere. Alderdiko presidente Kontxi Reyero hartu du berriki Arartekoak. Reyerok, hain zuzen ere, animalien kontrako tratu txarren esparruan EAEko administrazioek duten jarrera aztertu zuen Lamarkarekin izandako elkarrizketan.PACMAren aburuz, EAEko erakundeek ez dute behar den guztia egiten animalien kontrako tratu txarrak salatzeko eta baztertzeko. Eta hainbat adibide aipatu zizkion Reyerok Arartekoari: «Animaliak babesteko legea behin eta berriz urratzen dute udalek, animaliekin egiten dituzten jaialdietan eta ikuskizunetan; Bizkaiko txakurtegien egoera tamalgarria da, halaber», azpimarratu zuen.Euskal Telebistako Basetxea saioa ere hizpide izan zuen Reyerok, «animaliei tratu txarrak» ematen zizkietelako saio horretan.

Zezenketak debekatu

Zezenketen kontrako alderdia da PACMA, eta, ondorioz, zezenketen afera mintzagai izan zuen taldeko buruak Arartekoarekin. Zezenketei buruz, eskaera zehatza egin zion PACMAk Iñigo Lamarkari: Eusko Legebiltzarrean eska dezala animaliak babesteko legea aldatzeko, animalien bizi-eskubidearen kontrako jarduera oro debeka dezan. Debekatu beharrekoen artean, zezenketak.

EAEn, bai eta Nafarroan ere, animaliak babesteko legeek arautzen duten esparrutik kanpo gelditzen dira zezenketak. Legeek animalien kontrako tratu txarrak debekatzen dituzte, baina zezenketak, sokamuturra eta halako ikuskizunak salbuespentzat jo ondoren. Horrelako jarduerak, ordea, animalien kontrako tratu txarrak dira, animalien aldeko taldeen aburuz, eta argi dute bereizketarik ez litzatekeela egin behar.Horrelako argudioek ez dute zentzurik PACMA taldeko kideentzat, eta, ondorioz, legea aldatzeko eskatu dute. «Nola liteke XXI. mendean entzierroak edo sokamuturra egitea? Eta nola liteke gisa horretako jarduerek administrazioaren baimena edukitzea?», galdetu zion PACMAk Arartekoari.Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzan eta udaletan animalien eskubideen alde lan egiteko eskatu zion, halaber, Reyerok Lamarkari. Animalien kontrako tratu txarrek zigorra merezi dutela azpimarratu zuen PACMAko buruak, eta heziketak duen garrantzia nabarmendu zuen.







Guraso batzuk zigortu dituzte seme bati abusuak egiteagatik

Erredakzioa

Donostia

Sei urteko kartzela zigorra ezarri die Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak aita-ama batzuei, seme bati gehiegikeriak egiteagatik. Besteak beste, sexu abusuak egin izana frogatutzat jo du Auzitegiak. Epai berean, kritika gogorrak egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka, umea gurasoen menpetik atera ez izanagatik.

Epaiak guraso agintea kendu die zigortutakoei sei urteko epean, eta Fiskaltzari eskatu dio kentzeko ere alaba batena. Auzitegiak debekatu die gurasoei, bost urteko epean, umeengana hurbildu edo haiekin komunikatzea. Aldi berean, 12.000 euro eman beharko dizkiote gehiegikeriak egindako semeari.

Auzitegiak ez du frogatu alabaren aurka ere tratu txarrak egin dituztenik. Izan ere, atal horretan aurkeztutako frogak ez direla nahiko izan adierazi du epaiak.

Epaiak dio gurasoek semea jo zutela behin baino gehiagotan, eta ubeldurak eragin zizkioten gorputz osoan. Halaber, leporatu die bakartu egiten zutela, eta ez ziotela uzten parkera joaten jolastera.

Epaiaren arabera, umeak txiki-txikitatik ikusi zituen gurasoak sexu harremanak izaten, eta sarritan behartu zuten harreman horietan parte hartzera.

No hay comentarios: