martes, 8 de enero de 2008

Haurrenganako tratu txarrak


Haurtzaroan ere, ez da dena zoriona

Haurrenganako tratu txarrak bazterkeria bizi duten guneetan kokatzen ditu gure inkontzienteak, oharkabean.

Familien batez bestekoarekin zerikusirik ez duten etxeekin erlazionatzen dugu arazo hori nahi gabe, pobrezia handia, ikasketa maila txikia edo toxikomaniaren eraginak bizi dituzten ingurune minoritarioetan hain zuzen. Gutako edozeinek ere, herritar arruntak, nekez irudikatu ohi ditu horrelako gertaera tamalgarriak familia konbentzionaletan, gizartean integraturik dauden eta gehiengoaren pareko bizitza kalitatea duten gurasoen etxeetan.

Baina ez dugu xalo jokatzen, ez eta halabeharrez ere. Kasu honetan, badira gutxienez bi arrazoi tratu txarrak giro marjinal edo bereziki zailetako familietako haurrei zergatik egozten dizkiegun ulertzeko. Lehenik eta behin, hedabideetan zabaltzen diren albisteetan haurrentzat degradagarri eta kaltegarrienak diren gertaerak baino ez dira jasotzen: tratu txar fisiko larriak, torturak, erailketak, haurren oinarrizko premiak ez betetzea edo haurren gorputza edo irudia helburu pornografikoetarako erabiltzea... eta ia ez zaio begiratu ere egiten komunikabideen ikuspegitik hain errentagarri ez den beste tratu txar klase bati, hain deigarri eta morbosoa ez delako.

Eta bigarrenik, edozein sumintzeko moduko izugarrikeria horiek sekula egingo ez lituzketen guraso askoren buruan haurren tratu txarrak oso katalogo laburrera mugatzen dira eta ez dute pentsatu ere egiten ia egunero edo noizean behin beren seme-alabekin izaten duten portaeraren bat tratu txarrezkoa izan daitekeenik.






No hay comentarios: